XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARABA

Azken hiru hamarkada hauetan herrialde honetako errepertorio koreografiko tradizionala areagotu egin da norbanakoek, folklore elkarteek edota herritarrek egindako berreskuratze eta berregite lanari esker. Garai batez gogo biziz ibili ondoren eta zenbait arrazoi direla eta, besteak beste, inmigrazioa, ohiturak gordetzen dituzten familiak edo erakundeak desagertu izana edota biztanle gutxiko herriak izatea, zenbait herritan behera egin du jarduera horrek.

Errioxako eskualdeko dantza arabarretan, gaitaren soinura, katximorro aipatu behar dugu. Katximorro pertsonaia berezia da; jantzi arlekinatua izaten du soinean eta eskuartean animaliaren baten larrua zintzilik duen makila, zigorra edo makila arrunta darama; cachimorroak jartzen du ordena martxan eta bera da, nolabait, taldearen ibilaldia zuzentzen duena.

PALOTEADO edo TROQUEADOak Errioxa Arabarrean oso hedatuta dauden dantzak dira. Eltziegon eta Biasterin ezagunak dira eta azken aldi honetan Pipaonen berreskuratu dira. Dantza horien artean Eskuernagan gorde direnak aipa ditzakegu.

Eltziegon eta Biasterin, zenbait arrazoi direla medio, batez ere gizonezkoek ez dutelako antzina gizonezkoenak ziren dantzetan parte hartzen, galduz doaz Arabako folklore aberatseko hainbat aldaera. Oionen ere gauza bera gertatzen da bertako dantza tradizionalarekin.